Diputazioak eskatutako txosten batek zalantzan jarri du proiektua

Egilea: JB  |  Atala: Hemeroteka

LKS aholkularitza enpresak Gipuzkoako Foru Aldundiarentzat 2002an egindako txosten batek auzitan jarri du Pasaiako kanpo proiektuaren (Gipuzkoa) bideragarritasun ekonomikoa. Ez da Gipuzkoako Foru Aldundiak eskatu duen eta proiektua zalantzan jarri duen lehen txostena: Julio Pozueta Madrilgo Arkitektura Eskola Teknikoko doktoreak egindakoak nabarmendu zuen kanpo portuaren alternatiba dela guztien artean kaltegarriena.

Ikerketa ez du Gipuzkoako Foru Aldundiak berak plazaratu, Jaizkibel Bizirik! plataformak baizik. «Txostena nahita ezkutatu zaio gizarteari», salatu du Jaizkibel Bizirik!-ek. Plataformak Gipuzkoako Batzar Nagusietako alderdi politiko baten bitartez lortu du. 34 taldek osatzen dute plataforma, besteak beste, Aralarrek, AuB-k, Batasunak, EHAK-k eta Ezker Batua Berdeek.LKSren txostenak kanpo portuaren proiektuaren eta Pasaia biziberritzeko egitasmoaren oinarrizko agiria aztertu zuen, Pasaiako Portu Agintaritzak eta Gipuzkoako Merkataritza Ganberak egina. Eta erakundeen egitasmoak ez du LKS aholkularitza enpresa konbentzitu. Are gehiago, LKSren txostenak auzitan jarri du proiektua bera: «Ez da argi eta garbi azaltzen proiektuaren garrantzi estrategikoa».LKSren txostenaren arabera, kanpo portuaren egitasmoaren ahuleziarik nagusiena bideragarritasun ekonomikoa da, ez baita zehazten nola lortuko den: «Bideragarritasun txostenaren kalkuluen arabera, proiektuak merkantzia gehiago eta anitzagoak behar ditu. Ez da zehazten, ordea, nola lortuko dituen».Eta azpiegitura egiteak berak ez du etorkizuna bermatzeko behar duen negozioa erakarriko, LKSren esanetan: «Eskaria handitzeko azpiegitura sortu behar da; baina ez da nabaria azpiegitura sortzeak eskaria erakarriko duenik».Aholkularitza enpresak kanpo portuaren proiektua katedral baten eraikuntzarekin alderatu du: «Mementoan baliabideak mugiarazten ditu, baina ez du zuribide ekonomikorik». Aberastasuna sortuko dela onartzen du, baina obra handiek sortzen duten aberastasuna: eraikuntza enpresentzat, zerbitzu enpresentzat… Lanpostuak sortuko ditu, baina gehienak behin-behinekoak».Ikuspuntu ekonomikoaz gain, azpiegiturak ingurumenean eragingo lukeen kaltea ere aipatu du LKSk Gipuzkoako Foru Aldundiarentzat egindako txostenak. Proiektuaren jatorrizko agiriari leporatu dio ez duela kalte hori aipatu ere egiten: «Ez du aurreikusi eragin ekologiko garrantzitsu hori gutxitzeko edo konpontzeko proiekturik».Jaizkibel Bizirik!-eko ordezkariek Julio Pozuetak egindako txostena ere ekarri zuten atzo gogora: «Pasaiako portuko lau trafiko nagusiek (txatarra, siderurgia, ikatza eta autoak) 2003an izan zituzten lur premiak gehituz gero, nahikoak dira 11 hektarea, hau da, portuaren zerbitzu eremuaren %15 baino gutxiago». Pozuetak ondorioztatu zuen lurra hobeto aprobetxatuz gero, portua haz daitekeela eta gutxitu egin ditzakeela inguruak eragiten dituen ondorioak.Jaizkibel Bizirik!-ek uste du Gipuzkoako Foru Aldundia proiektua zuritu ezinik ari dela lanean. Plataformarentzat, txostenak eta alternatibak ikusita, azpiegitura egiteko bi arrazoi ditu erakundeak: «Obra egitea eta portuak utzitako lurretan espekulazioa bultzatzea». Jaizkibel, kudeaketa planik gabe Jaizkibelgo itsaslabarrak Europako naturguneen Natura 2000 sarearen barruan daude. Itsaslabarra kudeatzeko kudeaketa plan bat egin behar da, baina Jaizkibel Bizirik!-ek atzo salatu zuenez, Gipuzkoako Foru Aldundiak plana «blokeatu» egin du. Eta ekimen arriskutsuak bultzatzen direla salatu zuten. Plataformak ohartarazi zuen Lezoko (Gipuzkoa) zentral termikoa itxi baina berria egin dezaketela Pasaian.

www.berria.info

Gaiak:

Iruzkina idatzi