JUVENTUDES  CARLISTAS

        ...eman  ta zabal zazu munduan frutua...  

inicio

«36ko gerran irabazleen alde egon zen Karlismoa, baina gerra galdu egin zuen» *

Manuel Martorell Kazetaria

36ko gerra eta gero Nafarroako karlismoaren bilakaeraz tesia prestatzen ari da Manuel Martorell, kurduen egoeraz eta Ekialde Hurbilari buruz dozenaka artikulu eta liburu idatzi eta gero. Historiak, hor, oraindik, zulo beltza duela dio.

Alberto Barandiaran

Kazetaria izan da urteetan, eta orain historialari dabil Manuel Martorell (Elizondo, Nafarroa, 1953). Dioenez, karlismoa da gaur egun oraindik bizirik dagoen Europako mugimendu politikorik zaharrena.

Europako mugimendu politikorik zaharrena, baina, hala ere, ezezagunenetakoa. Zergatik?

Bi arrazoi daude, nire ustez. Alde batetik, 36ko gerran karlismoak frankisten aldean parte hartu izana. Horren ondorioz, jendeak nahastu egin ditu karlismoa eta frankismoa. Eta horrek beste ondorio bat izan du: karlismoaren historia hurbila frankismoak egin duela. Eta horrek karlismoak izan zuen papera erabat desitxuratu du. Karlistak garaipenaren eremuan galtzaileak izan ziren. Baina gero, frankismoari aurre egin ziotenez, ezin izan zuten haien historia idatzi.

Karlistak 36ko gerran kolpea eman zutenen ondoan egotea, hala ere, logikoena zen, ezta? Euskal nazionalista batzuk ere, frankistengandik hurbilago zeuden errepublikaren alde borroka egiten zuten beste taldeengandik baino.

Euskal nazionalisten zati batek altxamenduaren alde lan egin zuen, nik hori badakit. Seguru asko, ondorioak saihesteko, baina sinetsita nago nazionalista asko, batez ere Nafarroan eta Gipuzkoan, altxamenduarekin ados zeudela. Badira testigantza zuzenak aldez aurretiko prestaketetan nazionalistek izan zuten parte-hartzeari buruzkoak. Duela gutxi, Jose Artetxeren El abrazo de los muertos lana berreskuratu dute, eta oso argigarria da. Artetxe EAJko Gipuzkoako agintari garrantzitsua zen. Eta su gurutzatuen artean topatu zuen bere burua. Alde batetik, Errepublikaren alde zegoen Gipuzkoako EAJkoa, eta, bestetik, atxilotu nahi zuten milizia anarkistak. Karlistek babestu egin zuten. Artetxek dio harritu egin zela nola nazionalista batzuek, beren bizia salbatzeko, Falangeko atorrak jantzi zituzten, eta ez erreketeenak. Bere ustetan, nazionalisten eta karlisten ideologia oso hurbil zegoelako, nazionalistak eta falangistak baino askoz hurbilago.

Eta karlistak Errepublikaren alde borrokatzea posible zatekeen?

Oso zaila. Erreketeek beti esaten dute Errepublikak erlijioari eraso egin izan ez balio, haietako inor ez zela abentura hartan sartuko. Eta Espainian ez zela monarkia izango. Haiek ziur daudelako karlismoaren parte hartzerik gabe Francoren kolpeak ez zuela aurrera egingo. Ezaguna baita kolpeak, berez, porrot egin zuela. Soilik herri indarra, hau da milaka jarraitzaile zituen karlismoak, soilik horrek eutsi ziola Aragoiko milizia anarkisten ofentsibari, eta soilik horrela konkistatu zituztela euskal lurraldeak. Eta soilik horrela lortu zela Madril osoa inguratzea.

Horren milizia handi eta garrantzitsua, hala ere, desagertu egin zen gerra hasi eta gutxira. Zergatik?

1937ko apirilaren 19an Batasun Dekretua onartu zuen altxatuen militarren batzordeak. Baina dekretu horrek ez zuen karlismoaren agintarien edo militanteen oniritzirik izan. Ezarri egin zuten, karlisten oniritzirik gabe. Ondorioz, karlismoa eta frankismoa, eta, batzuetan, karlismoa eta falangismoa ere bai, nahastu egin dira. Eta hori harrigarria da, bi ideologia erabat kontrajarriak direlako. Karlismoaren oinarri moral, kultural, politiko eta historikoek ez dute zerikusirik falangearen mugimendu faxista eta iraultzailearekin. Zer gertatzen da? Behin gerran sartuta, ezin zutela atzera egin, horrek «gorrien» garaipena ekar zezakeelako. Karlista askok borrokan jarraitu behar izan zuten, nahita ez.

Gerra bukatuta, hala ere, ez zen erantzun handirik izan.

Ez nago ados. 40ko hamarkadan, Gazteluko Plazako 1945ko istiluak gertatu arte, karlismoak Francoren diktaduraren aurkako jarrera gogorrenak izan zituen. Armekin liskarrak izan ziren, borroka latzak, hainbat buruzagi atxilotu egin zituzten... karlista asko ausartu ziren elizetan zeuden uztarria eta geziak kentzera. Elkarretaratze karlista batzuetan tentsio handia izan zen eta, agintari batzuentzat, gerra aurreko giroa zegoen. Baina hori guztia idatzi gabe dago. Nola uler daiteke, bestela, 1942an komando falangista batek eskuko hainbat bonba botatzea elkarretaratze karlista baten aurka? Ehun zauritu baino gehiago izan ziren. Nola liteke, bestela, 1945eko abenduaren 3an Gazteluko Plaza honetan izan zen kontzentrazioan zortzi polizia balaz zaurituta gertatzea? Hori ez da horrela agertzen, bat-batean. Karlismoaren eta frankismoaren arteko gertakari horiek garbi uzten dute liskar giro nabaria zegoela.

Zein zen karlismoaren eta falangismoaren arteko lubakirik handiena?

Ideologia bera. Karlistek uste zuten Francori garaipena eman ziotela, baina Francok gaizki tratatu zituen. Bide bazterrean utzi zituen, eta karlismoaren arerioak, hau da falangistak, boterean jarri zituen.

Karlistak gehien batzen zituena erlijioa zen?

Karlismoak eta euskal nazionalismoak oinarri ideologiko berdina dute: eskubide historikoen defentsa, baina karlismoaren eta nazionalismoaren arteko bereizketa erlijioa da. Karlismoak gauza guztien aurretik jartzen du; nazionalismoak, berriz, foruen defentsa erlijioa baino lehenago jarri zuen. Karlismoarentzat erlijioak zuen nagusitasun erabatekoak ekarri zuen lau lurraldeentzako 1931n eta 1932an mamitzen hasi zen proiektu politikoaren haustura.

Karlismoak izan zuen indar eta presentzia hori galdu egin zuen Francoren diktaduraren amaierarekin batera. Baina zaila da aurkitzea, gaur egungo Euskal Herrian, bere zerrendetan karlismotik datorren jenderik ez duen alderdirik.

Horren azalpena da karlismoaren konplexutasun ideologikoa. Zerbaitekin alderatu beharko bagenu, Argentinako peronismoarekin egin genezake. Mugimendu populista da, ideario programatiko zehatzik gabea. Ideia handiak ditu, ez besterik. Horregatik, politikan diharduen kultura handia da. Karlismo bakar bat ez dago ordea, karlismo asko baizik. Nafarroako karlismoa eta Bizkaikoa ez dira berdinak. Baina, harrigarria izan arren, ia bi mende iraun du, ideologia anbigua eta heterogenea izan arren. Zergatik? Gizartean zituen oinarriak oso heterogeneoak zirelako. Nafarroan, nekazari txikiak ziren.

Hau da, gehiengoa.

Hori da. Baina 30eko hamarkadan, langile asko izan ziren karlistak. Ez zegoen apezpikurik, bai herriko apaiz asko. Apaiz hauek ez ziren oligarkia edo klase nagusiaren egitura gisa ikusten dugun elizako partaideak. Nafarroako apaiz karlistek, esaterako, lehen kooperatibak bultzatu zituzten. Arrasaten antzeko zerbait gertatu zen. Fundatzailea apaiz nazionalista zen, baina nik badakit bertako karlisten laguntza izan zuela. Zergatik da karlismoaren oinarri soziala oso kontserbatzailea? Haien ekonomia ere kontserbatzailea delako. Hau da, nekazari txikiek ez dituzte jabe edo nagusi handiak gainean, eta aldaketa handirik gabeko ekonomian bizi dira. Beraz, aurreko mendeetako ideologi nagusia dute. Baina haustura 50eko eta 60ko hamarkadan gertatzen da.

Industrializazioarekin.

Horixe. Orduan, errekete aritutakoen seme-alaba asko lantegietan hasi ziren beharrean. Lehen ez zuten nagusirik, ez zegoen haien gainean agintzen zuen inor, Jainkoa edo apaiza ez bazen, baina lantegietan beste nagusi bat aurkitu zuten. Haiek bezalako bat, baina nagusia, gaizki ordaindu eta gaizki tratatzen zituena. Orduan gertatu zen gizarte aldaketa, eta orduan gertatu zen karlismoaren aldaketa ideologikoa. Horregatik, diktaduraren bukaeran, Nafarroa ez zen soziologikoki karlista. Politikoki birjina zen, eta lehen hauteskunde demokratikoetan karlismoak huts egin zuenean, iritsi zen lehenak bete zuen hutsunea. Hori xe da gaur egun hemen daukaguna.

Lehen peronismoa aipatu duzu. Baina peronismoak malgutasun politikoa izan du beti, irauteko. Karlismoak ez zuen aldatzeko gaitasunik erakutsi.

Ez nago ados. 36ko gerra eta diktadura aparte uzten badugu, karlismoak garapen ideologikoa izan zuen. Komunismoa edo sozialismoa garatu den bezala. Gertatzen dena da karlismoa oraindik ez dela horren ezaguna. Baina gerra karlisten garaitik hona, ideologian eragina izan duten pentsalari karlisten ideiak ikusten baditugu, garapena eta eboluzioa izan dela ondorioztatzen dugu. Karlismoaren porrota ez dago bere garapen ideologikoarekin lotuta, gizartearen errealitatearekin duen harremanarekin lotuta dago.

Zuk uste duzu historia egin daitekeela egungo lekukotasunak kontuan hartuta?

Hainbat lege errespetatzen badira, eta objektibotasuna eta urruntasuna gordetzen badira, ahozko lekukotasunak baliagarriak dira, baldin eta beste iturri batzuekin alderatzen badira. Historialari akademikoenek ez dituzte, akaso, ahozko lekukotasunak historia hurbila egiteko onartuko, baina uste dut ahozko historiak duen garrantzia, esaterako dokumentazioa sortzen ez duten gaiak ikertzeko, gero eta onartuago dagoela. Eta karlismoa adibide garbiena izango litzateke. 36ko gerran irabazleen alde egon zen mugimenduaz ari gara, baina politikoki gerra galdu zuena. Isilpean funtzionatu behar izan zuen, legez ez zuelako existitzen. Prentsa, biltzeko tokiak eta lokal guztiak galdu egin zituen. Hau da, ezin izan zuen dokumentu askorik sortu. Eta garbi dago diktaduraren garaian egin diren historiak boterean zeudenen ikuspuntutik egina daudela. Eta, beraz, ahozko lekukotasun horiek oinarri-oinarrizkoak dira garai hau ezagutu ahal izateko. Larriena da lan hori egin ez izana.

Esan ohi da 36ko gerrari buruzko ia guztia idatzita dagoela. Ikertzekorik badago oraindik?

Jakina. Esaterako, oraindik ez dakizkigu batasun dekretuaren ondorio praktikoak. Ez dakigu karlismoa Nafarroan zituen ehundik gora erakundeetan onartua izan zen. Eta hori oinarrizkoa da. Ez dakigu 36ko gerran falangeko eta talde karlisten arteko harremanak zer- nolakoak ziren. Une batez, Nafarroako ordezkariak mehatxu egin zuen bi erakundeak debekatuko zituela, elkarren arteko liskarrak bertan behera uzten ez badituzten. Bai, gauza asko dago ikertzeko.

«Herri guztiek bere etorkizuna erabakitzeko eskubidea dute»

A.B.

Ekialde Hurbilean eta, bereziki, kurduen herrian aditua da Manuel Martorell, eta hainbat liburu eta artikulu idatzi horretaz.

Zergatik kurduak?

Bartzelonan kazetaritza ikasketak bukatzen ari nintzela, mundu islamikoarekiko interesa piztu zitzaidan. 1979an Irango iraultza gertatu zen, eta hori guztiz berria zen. Integrismoa, baina ezkerraren taktika iraultzailea. Eta inperialismoaren aurkakoa gainera. Oso erakargarria zen. Interesa hortik sortu zitzaidan. Baina berehala ohartu nintzen Iranen 7 milioi kurdu zeudela. Horrek ikaragarri harritu ninduen, uste nuelako kurduak Irango iparraldeko mendian bizi eta CIAk erabiltzen zituen tribuak zirela. Baina gero jakin nuen Iraken Iranen baino kurdu gehiago zeudela. Eta Turkian, oraindik gehiago! Ez nuen ezer ulertzen. Argi gorria piztu zen nire buruan. Eta, horren ondorioz, eta kazetaria bazara, azkenean konprometitzen zara, eta espezializatzen zara. Hori gertatu zen.

Zer soluzio du hango arazoak?

Soluzio txarra, oso konplexua delako. Kontuan hartu behar da kurduak inguruko lau estatu garrantzitsuenetan banatuta daudela. Kurdistan nazioarteko estatuek banatu zuten, irizpide kolonialisten arabera, eta arazo latza utzi zuten. Ea nork babesten duen orain kurduen estatu baten sorrera. Horrek txikitu egingo luke egungo mapa politikoa eta mundu gerra bat ekarriko luke.

Herri askoren arazoa da, ezta? Armak dituzten estatuek herriak banatzen dituzte.

Kurduen maldizioa da duela 4.000 urte, egun interes estrategiko ikaragarria duen inguruan kokatzea erabaki zutela. Inguru horretan Ekialde Hurbilean sortzen den ur gehiena dago. Konponbide zaileko arazoa da, alegia.

Ohituratu beharra dago?

Soluzioren bat aurkitzeko, Europako Batasunak kanpo politika garbia eduki beharko luke inguruan. Baina, hemen, kanpo politika garbi bakarra dutenak AEBak dira. Eta, azkenean, gure erreferentzia bakarra hori da, AEBek egiten dutena. Baina nik uste dut soluzioa baduela. Eta horrela ez litzateke gertatuko gertatzen ari dena. Turkiako gerrilla kurduak bosgarren su-etena deitu duela, eta Turkiako gobernuak ez duela gutxieneko elkarrizketarik ere onartzen. Niri erakusketa bat zentsuratu zidaten Madrilen. Debekatutako herrialde baten gaineko begirada izendatu nuen, eta Turkiako enbaxadaren protestak zirela eta, titulua aldatzera behartu zuten: Debekatutako herri baten gaineko begirada.

Herri kurdua bada. Euskal Herririk bada?

Begi bistakoa da hori. Euskal Herria bada. Nik ez dut dudarik. Eta herri guztiek beren etorkizuna erabakitzeko eskubidea dute. Nahiz eta arazoa ia ezinezkoa izan, kurduena bezalakoa. Baina horregatik ezin zaio autodeterminazio eskubidea ukatu.

Euskal Herriari ere ez?

Euskal Herriak badu autodeterminazio eskubidea, noski. Beti ere, legeek aurreikusten duten bideetatik barna.

*Artículo publicado en el diario Berria.

http://www.berria.info/testua_ikusi.php?saila=plaza&data=2007-01-31&orria=052&kont=004

 

VOLVER A LA PÁGINA PRINCIPAL