JUVENTUDES  CARLISTAS

        ...eman  ta zabal zazu munduan frutua...  

inicio

Euskal Herriko Karlista Alderdia eta Iruñerriko hegoaldea euskalduntzeko programa

   

Nafarroako eremu ez euskalduna eta hezkuntza

Roldan Jimeno Aranguren
Historialaria

Nafarroako Euskararen Legeak 1986. urtean eremu ez euskaldun eta mistoaren artean trazatutako lerro arbitrarioak, 18 urte hauetan, euskararentzat eragin soziolinguistiko zoritxarrekoak ekarri ditu. Legean oinarrituz, Foru Administrazioak guraso asko euren semeak D ereduan matrikulatzera bultzatu du. Legearen burugabekeria eta bere zorigaiztoko eraginak Parlamentuan eztabaidatzen ari den Nafarroako Gobernuko Hizkuntz Politika ikertzen duen ponentzian azaltzen ari dira. Parte hartu duten azkenak, azaroaren 3an, Herrikoa eta Sortzen-Ikasbatuaz taldeko gurasoak izan ziren. Bi elkarte hauek zonifikazio linguistikoaren bukaera eskatu zuten, eta baita umeak euskarazko eredua duen eskola publikoan matrikulatzeko eskubidea aldarrikatu ere. Sortzen-ekoek, gainera, Eskualde-hizkuntzen Europar Kartan jasota dauden konpromisoak betetzearen beharra gogoratu zuten, eta euskarari dagokionez, Nafarroan nazioarteko zuzenbidearen hainbat eskubide urratzen direla gogoratu zuten; Gobernuaren politikak Nafarroako Euskararen Legearen hainbat artikuluen kontra egiten duela ere gogora ekarri zuten.

Alderdi abertzale batzuk baikorrak dira Legea aldatuko delakoan. PSN eta CDNren aldaketan esperantza dute. Nahiago nuke hala izango balitz, baina bi alderdi hauen hizkuntz-politika berri baten inguruan ezkorra naiz. PSNren zuzendaritza-batzorde berriak aldaketa baskofobo garbia eman du, eta ezin dio bere hautesleriari muzin egin. Testuinguru honetan, Nafarroako bi zonalde euskarazko haur-eskolarizaziorako erabat galdurik daude, eta egun dugun egoera legalarekin daukaten irtenbide bakarra ikastola bat eraikitzea dute. Alde batetik, Martzillako zonaldea dago, bertan Azkoien, Funes, Alesbes, Kadreita edo Milagro bezalako herri garrantzitsuak daude. Bestetik, Iruñerriko hegoaldea dugu: Elortzibar, Beriain, Elo, Tiebas-Muru Artederreta, Baldorbaren iparraldea, Iltzarbe ibarreko ekialdea, Ibargoiti eta Untziti ibarrak, Arangurengo mendebaldea eta Galar zendeako hegoaldea. 

Eskualde honetako guraso batzuek Elkarte bat eratu dugu Ikastola bat egiteko.Euskararen Legea aldatzen ez bada Iruñerriko hegoaldeko biztanleak hurrengo urteetan erdal unibertso batean bizitzera behartutak egongo gara. Eremu ez euskaldun eta mistoaren arteko lerroak duela 18 urte ez zeukan inolako justifikaziorik, alderdi espainolisten euskararen kontrako politika sendotzeko ez bazen. Haien nahia primeran bete zen, zonifikazioaren harresiarekin, Iruñerriko hegoaldean gaztelaniazko koltxoi bat eratzea, euskara zabaldu ez zedin. Urte hauetan, genozidio kultural isil eta makabro honen ondorioz, ehunka haur galdu dira euskararentzat. Ghettizazio honen baitan, azken urteetan gure zonaldeko biztanleak ugaritu egin dira, hein handi batean euskararen alde daudenak, eta hurrengo bost urteetan gainera, eskualde honetako biztanleria bikoiztuko da. Hau dela eta, Legearen anakronismoa begi-bistan gelditzen da, eta hau aldatzen ez bada, Ikastolaren sorrera ezinbestekoa izango da Iruñerriko hegoaldea euskalduntzeko. 

Zonalde honek euskararekiko duen jarrera aldaketa erabatekoa izan da azken urte hauetan, eta hurrengo urteetan izango duen biztanle gorakadarekin euskaltzaletasun hau areagotuko da. Ikastolaren proiektu berria Aralar, Eusko Alkartasuna, EAJ-PNV, Batasuna, Nafarroa Bai, Ezker Batua, Batzarre eta Euskal Herriko Karlista Alderdiaren laguntzarekin jaio da. 

Alderdi bakoitzak ikuspegi politiko ezberdina dauka Ikastolari buruz: batzuek zentro publikoen alde apustu egiten dute, baina eremu ez euskalduneko egoera dela eta proiektua bultzatu behar dela diote; beste batzuen baietza bideragarritasunari lotuta dago, eta abar. UPN, PSN eta CDNkoek oraindik ez dute inolako interesik adierazi Ikastola berri honen sorreraren inguruan. Bestalde, Nafarroako Gobernuarekin izan dugun elkarrizketa bakarra Fermín Villanueva jaunarekin izan da, Eskola eta Lanbide-Hezkuntzako Zuzendari Orokorra. Bere mezua argia izan zen: ikastola alegala izango da eta Nafarroako Gobernutik ez du inolako laguntzarik jasoko. Babes politikoaz gain, Nabarralde eta Euskara Kultur Elkargoaren laguntza eta aholkularitza daukagu. Ikastola hau bi leku ezberdinetan koka daiteke. Noaingo UPNko alkateak Ikastola bultzatuko zuela ziurtatu zigun, eta eraikitzeko, aireportua eta Talluntxe poligonoaren artean dagoen lursaila errekalifikatzeko aukera zegoela baieztatu zuen. Bestetik, Zuluetako Kontzejuak herriaren erdian dagoen 10.000 metro koadroko lursail zoragarri bat ikastolari eskaintzen dio.Euskarak apustu irmo bat dauka Iruñerrian. Momentu demografiko hau galtzen badugu, euskararen galera historiko baten aurrean izango gara. Gobernuak hori nahi du baina horren aurka borrokatuko gara.
 

 

VOLVER A LA PÁGINA PRINCIPAL