Apirilaren 26, 27 eta 28an Iruñean Energia Ministral Mintegia egitekoa da, Estatuko hainbat hiritan egiten ari diren europar buruen arteko beste zenbait bilerarekin batera, urte honetako 1. seihilabetean Espainiari dagokion Europar Batasuneko presidentziaren baitan kokatzen dena.


      Gure hirian eginen duten bileraren aitzinean, eta Espainiar presidentzia dela eta, Foro Iruñea 2002tik zenbait gauza dugu errateko.


      Lehenik eta behin, Europar Batasunak, Europako kapital handien interesei erantzuten diela uste dugu, eskala handiko ekoizpen eta banaketaren hedapena aitzina eramatearren eta mundu osoan potentzia ekonomikoa eratzearren.


      Europar Batasunak ekoizpen eta kontsumo iraunkorrean, merkatuen liberalizazioan,merkantzia eta gizakion garraio hazkorrean, lanaren desarautzean, gastu sozialen murrizketan, entrepresen pribatizazioan, planetaren eremu zabalen kontrolean, “Europa gotorlekuan”, ingurugiroaren degradazioan, eta finantzar espekulazioan... oinarritzen den garapen eredu bati erantzuten dio. Laburtze aldera, ekonomiaren hazkundean eta gure bizitzen esparru gero eta gehiagoetan zein mundu osoan zehar merkatuak sortzean oinarrituriko eredua.


      Gauzak horrela, Europar Batasuna FMI, Banku Mundial, G-8,... eta abarrekin batera ekonomiaren globalizazioa bultzatzen duen bertze eragileetako bat dugu.


      Garapen eredu honek, kontrolatu beharreko planetako bertze eremu batzuetan dagoen energia berriztaezin,kutsakor, arriskutsu eta gehien bat fosil kantitate itzelekiko erabateko dependentzia du.


     Era berean, merkatu honen liberalizazioak energia, merkatu estrategiko hau kontrolatu nahian dabiltzan entrepresa gutxi batzuen eskuetan dagoen merkantzia bihurtuko du.


     Energia kontsumo handiago honen ondorioak egunetik egunera begibistakoagoak dira: euri azidoa eta negutegi efektua eragiten dituen kutsadura, ondakin erradiaktiboak, baliabide fosilen agortzea, gas naturalaren eta energia nuklearraren arriskua, energiaren ikuspegitik garrantzitsuak diren eremuen kontrol eta harrapaketa (Golkoa, Afganistán, Colombia,...), eta baliabide honen zentralizazioa esku gutxi batzuetan (Repsol, Iberdrola, Endesa, BP Amoco, Shell,...).


      Europan, logika produktibista eta lehiakor honek, gizarte zein ingurugiroan kalte larriak dituzten makina bat azpiegitura eraikitzea dakar.


      Autobide, autopista eta abiadura handiko trenbide kilometro samalden eraikuntza suposatzen duten Europaz gaindiko sareen eraikuntzak; zentral termiko eta gas hoditeri kilometro samalden eraikuntzak; energia nuklearraren sustapenak, beste proiektu batzuen artean, eraso horretan sakonduko dute.


      Hemen, Nafarroan hain zuzen ere, 2 zentral termiko eraikitzen ari dira eta bertze 4 Bizkaian, superportuko regasifikagailua eta Zabalgarbi errauskailuaren eraikuntzaz gain. Hirien zabaltzearen eta garraio azpiegitura handien aldeko apostua egiten ari dira (Bilboko superportuaren zabaltzea, Jaizkibelgoarena, abiadura handiko trena, autobide eta sahiesbide berriak, hegazkinen garraioaren hazkundea...).


      Honetaz gain, mendialdean urtegi itzelak egin nahian dabiltza, bertzeak bertze Itoitzekoarena, Esako handitzea, trasbaseekin lotura izanik, industrial nekazaritza, itsasertzeko hirien hazkunde urbanistikoa, turismo masiboa eta golf gisako aisi basatia bultzatzeko xedea duelarik (gisa horretan, Nafarroan bertan 4 golf zelai eraikitzeko asmotan dabiltza, gehienak Erribera aldean, hau da, eremu idorrenetan).


      Etekin ekonomikoan oinarrituriko zentzugabeko erokeria honen aitzinean, Foro Iruñea 2002tik, planeta osoko herri eta biztanleriaren beharrak aintzat hartuko dituen bestelako logikaren alde, ingurugiroari begirunearen alde, eta komunitateek euren bizi baldintzen nondik norakoak erabakitzeko ahalmenaren aldeko apostua egiten dugu.


      Lurralde desoreka murriztu behar dela uste dugu, hirien gehiegizko hazkundea gelditu, ekoizpenaren handitzea eta neurrigabeko kontsumoa birplanteatu, mugikortasunari mugak jarri, tokian tokikoari eta hurbiltasun eremuei lehentasuna eman autonomia eta lekuen kalitatea berriro ere aurkituz, eta bukatzeko, aurrezpenean eta energia garbi eta berriztagarrien erabilera eraginkorrean oinarrituriko energia eredu deszentralizatu baten aldeko apostua egin.


      Gizarteari, kulturari eta ekologiari dagokienak etekin eta hedapen neoliberalaren aitzinean lehentasuna izan behar duela uste dugu, gizartea berreskuratuz, ez negozioetarako esparrua bailitzan, baizik eta harremanetarako gizakien habitat gisa.