Portada del sitio > Zenbakiak - Números > Número 42. Zenbakia > DONOSTIA, 2016ko EUROPAKO KULTUR HIRIBURUA: ERANTZUTEKO DEIALDIA

DONOSTIA, 2016ko EUROPAKO KULTUR HIRIBURUA: ERANTZUTEKO DEIALDIA

“Lengoaia antzutzen adituak diren horiek oraindik orain ustelduta ez dagoen kultura batek, setaz borrokatu eta oztopatu behar du haize alde dabilen onespen, moldatze eta errentagarritasunaren makineria horren mugimendua”


(Josu Montero)

Azken hilabeteotan, Donostia 2016ko Europako Kultur Hiriburutzaren inguruko eztabaida eta ihardukitzea sustatu duten zenbait deialdi, mahainguru, asanblada eta ekintza gauzatu dira. Kontxako badia apaintzen duen DSS2016EU ikur erraldoia “AHT TAV EZ” jartzen zuen beste batekin ordezkatu zuen ekintza entzutetsu baten ostean, eta “Azpiegiturak, AHT eta Kultur Hiriburutza: kultur eraldaketa ala hiriaren merkantilizazioa?” gaiaren inguruan egindako mahainguru baten jarraian, AHTren aurkako taldeak argitaraturiko “2016ko Europako Kultur Hiriburutza auzitan” txostenaren zabaltzeak afera honetan eztabaida eta kritikotasun soziala piztera gonbidatzen zuen, hiriko talde sozialetan aspalditik jorratzeke zirautenak. “2016 desokupatu” ekimena elkargune bat sortzeko asmoz sortu da beraz, pentsamenduaren mailan ematen den borroka indartu eta ekintza berriak bultzatu asmoz, besteak beste “DONOSTIA EZ DAGO SALGAI! 2016 DESOKUPATU” lelopean ospatu diren jardunaldiak. Hiriburutzaren proiektuarekin ez kolaboratzeko borondate argi batetik abiatuaz, bada, gure bizitza giltzaperatzen duen eta ezartzen diguten hiri-ereduaren giltzarri asko gordetzen dituen auzi honen aurrean, amorruaz haratago doazen pausoak emateko deialdia helarazi nahi diogu jendarteari. Zenbait bazterretan oraindik orain zeharka baizik begiratzen ez dioten eztabaida eta erantzun sozial batez ari gara, baina zeresan ukaezina duena.

KULTUR HIRIBURUAK

Donostiak “Espainian 2016ko Europako Kultur Hiriburu” izateko hautagaitza aurkezteko asmoak hiriko Bulego Estrategikoan izan zuen bere jatorria; eta hasiera-hasieratik atzeman ahal dira egitasmo honen helburuetan hiri-kudeaketa enpresarialarekin dauzkan antzekotasunak. Hala irakur daiteke Donostiako Plan Estrategikoan: “Duela zenbait urtetik lanean dihardugu kalitateari, sormenari eta berrikuntzari dagokion Hiriaren Marketingerako Estrategia bat garatze aldera (…) 2016ko Europako Kultur Hiriburutza lanabes bikaina suertatzen zaigu hiria marka kultural bezala diseinatu eta Donostia mundu mailako hirien merkatuan kokatu ahal izateko”. Plan Estaregikoak harridura ere sor dezake, “kultura izebergaren mutur gisa ulertu behar da” esaten duenean bestalde. Hasiera-hasieratik egiten dugu topo, esan bezala, kulturalaren hitzontzikeriaz jantzitako apustu ekonomiko batekin.

Halako “marka kulturalak”, izan ere, hirien arteko norgehiagokari dagozkion aldagai komunikatibo eta komertzial estrategikoak bilakatu dira. Urtero gauzatzen den Europako Kultur Hiriburutzen hautaketa 1985ean abiatu zen Europar Batasuneko kultura ministroen eskutik (Donostia 2016 53º edo 54garren hiriburua izango delarik, Wroclaw hiri poloniarrarekin batera); eta 1990ean Glasgow izendatu zenetik, guztiek onartzen dute egitasmo hau, beste gertakari handiak bezalaxe, hirien garapen ekonomikorako estrategia bilakatu dela. Lille eta Bartzelonako kasuak nabarmendu ohi dituzte, hirien sistema europarrean gora egiteko izan duten arrakasta dela eta: Lillen, Joko Olinpikoak bertan ospatzeko hautagaitza ukatua izan eta gero, 2004ko Europako Kultur Hiriburutzarako izendapenarekin konpentsatua izan zen Udala; eta Bartzelonan, berriz (non 1992an jada Joko Olinpikoak egin ziren), 2004 urte berean garatu zen Kulturen Forum Unibertsalaren forma hartu zuen aukera berriak, 2001eko Europako Kultur Hiriburu izatea ukatu eta gero... Ospakizunaren mamiak ez du axola (dela kirola, kultura, teknologia), helburua hiriaren irudia eraldatzea eta ezberdintze markak ahal bezain beste areagoteza delako, nazioarteko merkatuan diru-ezarleentzako erakargarria suerta litekeen lurralde bat bezala aurkeztua izan dadin, aisialdiaren merkantilizazioa eta turismoa medio. “Donostia 2016 Kultur Hiriburua eta Gasteiz Green Capital zein Bilbao Guggenheim egitasmoen funtsa dirua erakartzea da, turistak, inbertitaileak”, ohartarazten digu halaber Unai Fernandez de Betoñok.

Hori esanda, gisa honetako ospakizun handitzarrak kulturaren merkantilizazioan ere oinarritzen dira funtsean, gure aroaren zigilu nagusienetarikoa den beste gertakari bat delarik hori (halako moldez non “gure ametsak araupetuak, gure irudimena industrializatua eta gure fantasia programatuak izaten baitiren”, Ivan Illichek ohartarazten zuenez). Testuinguru honetan, “Marseilla 2013” Hiriburutzako eta bertako Merkataritza ganbarako lehendakariak esaten duenez, “babesle pribatuek proiektu honetan inbertitzen duten euro bakoitzeko beste sei edo zazpi berreskuratuko dituzte atzera”. Horrela, “kultura alorreko osagaiak gero eta gehiago dira negozio hutsa” dioen Manuel Delgado antropologoaren baieztapena egiaztatzen da. Baino hori baino areago, “kultura kapitalismo garaikidearen tresna nagusia bilakatu da”, ohartarazten digu Marina Garcés-ek. Hau da, etengabeko hazkundea bizi duten kultura eta sormenaren industrien merkantzia eta zerbitzuen gain-produkzioak (ikusentzunezkoa, entretenimendua, multimedia, musika, aisialdia, diseinua eta moda, arkitektura, turismo kulturala, luxua, eta abar) jendartearen balioak definitzeko garaian enpresek duten boterea areagotu (kultura, hezkuntza, informazioa, ongizatea) eta kapitalismoaren hegemonia kulturala trinkotu besterik ez du egiten, irudimena, desira eta motibazioa menderatuaz. Horren da hau horrela ezen merkatuko indarrek eta instituzioek modu irekian aldarrikatzen baitute orain negozioen munduak bere gain hartuko duela kultur-sektore osoaren sustatzaile rola, hain zuzen ere “ideien balioen eta etekinak sortzeko hauen gaitasunaren ustiaketa” errentagarri egiteko. Urrunago joan gabe, Donostia 2016 proiektuak oso garbi adierazten du kultura eta negozioaren arteko sintesi hau: 2016ko Patronatutik abiatuaz (Udaletxeak, Aldundiak, Jaurlaritzak eta Kultura Ministerioak osatua) babesle pribatuen bila tematzen da Kultura eta Sormenaren Fundazio Enpresarial baten sorrera sustatzeko; eta, gainera, zehazten du hori planteatzen dela “gure helburu, balio eta proposamen sortzaileei uko egin gabe, besteak beste sormen hori eta balio horiek direlako enpresentzako oso erakargarriak”.

David Harvey-ek, bestalde, “kultur hiriburuak” aztertzen ditu “Errentaren artea: kulturaren merkantilizazioa eta globalizazioa” izeneko testu batean. Lan horretan hiri eta metropolietan oinarri sozialek sortzen duten produkzio sinbolikoa sistematizatzeko, kapitalizatzeko eta errentagarri egiteko elite urbanoek baliatzen dituzten prozesuei begiratzen die. Ildo honetan, Donostia 2016 herritarren dinamikak bereganatu nahi dituen benetako harrapagailu bat dela sumatzen da, kasu askotan orain arte autonomoki sortzen ziren ekintzak “monitarizatu” egiten baititu (halaxe gertatzen da, adibidez, 2016ek urtero sustatzen duen “Olatu Talka” jaialdian), era honetan oinarrizko mugimenduen sortze-ahalmena eta gaitasuna 2016 markaren zerbitzura errekuperatu, espektakularizatu eta errentabilizatzeko asmoz. Bada, kultur gain-programazio hori monopolio bihurtzen da azkenean eta hiriaren mobilizazio erabatekoa izatera iritsi nahi du, non denak egon behar duen proiektu bakar bati begira eta Donostia 2016 barruan, inork ihes egin ez diezaiokeen “benetazko zapalgailu bat” (horrela deskribatzen zuten “Lille 2004”ren makineria Lilleko lagunek), edota denoi itsasi diguten txikle bat bailitzan.

Arlo honetan, hain zuzen, Donostia 2016 hiriko elkarteetan barneratzen diren egitasmo mordoa ari da garatzen, gastronomia-elkarte selektiboenetatik hasi eta auzo elkarteetaraino eragiten duen sare klientelar zabal bat sortzen ari delarik, arlo sozialean “sakontzeko” eta ahalik eta dinamika herritar gehienak bereganatzeko asmoz. Finean “aukera oro, behar bezala antolatu eta neutralizatua, mobilizatu eta lanean jartzen da”, makineria osoak funtziona dezan; eta bide batez, mugimendu sozial urbano ugarik modu inplizituan berekin dakartzaten nolabaiteko protestaren ideiak oro sahiestu eta neutralizatzen dira, askatasunaren eta parte-hartzearen esperientzia despolitizatu bat eskaintzeko. Horregatik, Donostia 2016ko programazioaren barruan, gizarte mailan eta nazioartean “jende kopuru gehien eta interes turistiko handien erakarriko duten gertakari handiez” gain, bestelako osagai eta jarduera heterogeneoz beteriko ekintzak aurrikusten dira, aipagarriak direlarik adibidez “Bizi al daiteke dirurik gabe?” izenburupean “hain diruzaleak ez diren ekonomia moduei buruz” iragarri duen nazioarteko topaketa, “DSS2016EU moneta alternatibo baten sorkuntza”, edota “herri auto-organizazioaren arloko ekimenen kongresua”, beste adibide askoren artean.

Are gehiago, Andeka Larrearentzat, DSS2016EUren gisako gertakari handien inguruan sortzen diren hiri-marketing eta propaganda kanpainak biziki manipulatzaileak bilakatzen dira: bakea eta elkarbizitzaren diskurtsoak, jasangarritasuna, “emozioak mobilizatzeko” deialdiak, herritarren partehartzerako laborategiak, sormena, berrikuntza et aniztasunaren kudeaketaren leloak, kasu guztietan berberak dira eta hirigintza neoliberal garaikidearen ikusmoldean oinarritzen dira, zeinak espazio publikotik klase aurkakotasunak desagertarazten dituen, kultura autonomoaren adierazpenak ezabatu, gizarte gatazkak zokoratu eta erresistentziak ixilarazi, hiriguneak salgai huts bihurtzeraino. Azken finean –azaltzen du Andekak—kapitalismo “kognitiboak” negozio-hobi geroz eta gertuagokoak eta inbaditzaileagoak bilatzen ditu, eta hiriguneko biztanleriaren bizimoduak aldaraztea du helburu –hiri batean bizitzea bera bizimodu mota bat izatea denez—, horien ordez “hegemoniko bihurtzen diren imaginario urbano berriak sortuz, despolitizazioari hertsiki lotuak eta erraz kontsumitzekoak, gure gorputzak ere kapital sinboliko sortzaile bilaka daitezen”. Hots: “Nire presentziaren bitartez, nire gorputza sinbolikoki erabilia da plusbalioa sortzeko, plusbalioa sortzen dut hiri-marka baten baitan balio gisara identifikatua banaiz. Horregatik, markak gure inplikazioa behar du, hiritarrak mobilizatzea, marketing-aren profesionalek estrategikoki prestatutako erreferentziazko gunerantz, norbanakoak zuzenean edo zeharka ekitaldi edo hiri marka baten partaide diren heinean sortzen dituzten mikro plusbalioez jabetzeko (…)

Horrek jokamolde batzuk asumitzea esan nahi du, zeinak hiria bizitzeko gure modua eta gure buruaren errepresentazio sinbolikoa aldarazten dituzten, urbanistek eta planifikatzaileek nahi duten hiritar eredu bilaka gaitezen guztiok, turista eredu duena”. Ildo beretik idatzi dute Espai en Blanc taldekokideek esanaz “marka batek gure historiaren eta gure memoriaren sinplifikazio bortitza ezkutatzen duela”, edota “Lille 2004-ak bizi eredu bat ezarri nahi” izan zuela. “Aipatu ere ez dira egiten hortik at geratzen diren pertsona eta taldeak, eta indarrez bistatik desagerrarazten direnak…”.

Orain arte esandakoak apur bat negatiboak iruditu daitezke, baina berriz azpimarratuko dugu, ernai egoteko deia da, ikuspegi politikorik gabe Hiriburutzaren “kultur programaziora” baino mugatuko ez diren eztabaidak ekiditeko. Horren harira, ez gaude ados “aukera aprobetxatzearen” zio zuriaren pean, inolako kritikotasunik agertu gabe, leku itsu bat onartzen duten pertsonen jarrerarekin. Nolabaiteko erosotasun bati bide eman ohi zaio horrela, ahal dela instituzioetatik diruz lagundutako zenbait ekimen proposatzen diren bitartean. Kasu honetan, eztabaida alboratu egiten da, gertakariaren osotasunari zentzua ematen dioten determinazioak ignoratu nahi direlako. Alegia: “Kaleko kontzertu bat saltzen dizutenean, sarritan dohan, ez dirudi ezer saltzen ari denik… baina zure hiria saltzen ari dira”, esaten ziguten Lilleko kideek.

TURISMOAREN HAZKUNDE ITZELA:

2016 Hiriburutza da egun Donostiaren sustapen turistikorako tresna nagusia, eta politikariek eta hiriaren kudeatzaileek otzan eta erraz jartzen dituzte espazio publikoa eta baliabideak hirian jarduten duten lobbie ekonomikoen zerbitzura. Batetik, ezagun da Donostiak turismo eta salerosketa gune gisa eginiko ibilbide luzea, nahiz industrializazio epeak ere bizi izan dituen enpresa txiki eta ertainekin, zeinak turistifikazio maila garrantzitsua utzi duen oinordekotzan. Hala ere, nabarmentzekoa da azken aldian industria turistikoaren eta komertzio indartsuenen protagonismo nola areagotu egin den, hiria gero eta gehiago bilakatuz aisialdirako gune turistiko eta komertzial. Izan ere, espazio urbanoaren aurrekaririk gabeko masifikatze eta merkantilitze prozesu baten testigu gara, non hiria firma komertzial nagusi guztiek irrikatzen duten (2016ko Hiriburutza da noski hirian kokatzeko duten interesguneetariko bat, “maila ekonomiko altuko hiri eta turisten eta bisitari frantziarren ibilgune garrantzitsu” bat denez); horrekin batera, hotel proiektu eta “hotel-erresidentzien”, pentsio eta apartamento turistikoen ugaltze eta handitzea ere ematen ari da; aldi berean, eremu turistikoa hedatu nahi da, lehen urrats batean Grosetik Tabakaleraraino (Donostia 2016ren“azpiegitura kultural” handia dago hor, eraikitze lanetan den “Nazioarteko Arte Garaikide Zentrua”); eta halaber, merkataritza eta ostalaritza lokalen etengabeko modernizazioa sustatzen da udal zergak eta tasak merketuz “hiriaren itxura 2016rako hobetze aldera”. Gauzak horrela, industria turistikoari muga eraginkorrak eta erregulatuak ezartzeko asmorik ez da inondik ageri, eta entzuten diren gauza bakarrak zabalkunde planak dira, “turismoaren markak hausten dituzten” zifren ospakizunekin batera, Donostia nazioarteko prentsan eta CNNren “munduko hiririk onenen zerrendan bostgarren lekuan berdinduta” agertu delako ezapada, iragarriz gainera “are ezagunago bihurtuko dela, Kultur Hiriburu izango baita 2016an”. Honi gagozkiola, Donostia 2016 proiektuak hiria mundu mailan komertzializatzeko eta nazioarteko klase ertain oparoari loturiko turismoan errekor berriak ezartzeko xedea du, hain zuzen ere 2013an Donostiako hoteletan turistek igarotako ia milioi bat ostatu-gauetatik (eta marka historikoa da hori) 2016an 1.400.000raino igotzeko, eta “2.500.000 bueltara ingurune metropolitarrean”.

Jakina, jardun turistikoaren horrelako hazkundearen ondorioak ez dira aipatu ere egiten (Donostian biztanle bakoitzeko turisten kopurua Bartzelonakoaren %57a da honezkero). Ondorioen artean, ordea, aipatzekoa da horrek berekin dakarren ezberdintasun sozialen areagotzea (egin kontu: herritar kopuru handi bat pobrezia egoeran aurkitzen den eskualde bat da Donostialdea, non azterketa batzuren arabera, biztanleen %11ak baino gehiagok, hau da, bederatzi bizilagunetik batek, elikadura gastuetarako eguneko bi euro baino gastatzen ez dituen, hau da, Donostia markaren erakargarritasun turistikoaren ikur gisa erabiltzen den pintxo baten prezioaren parekoa); halaber, aipagarria da etekin ekonomikoen harrapaketa eta banaketa erabat desiguala eragiten dela, ostalaritza sektorea baita hain juxtu lan-baldintzen prekariedade, gain-esplotazio eta txantaia laboral gehien ematen den arloa (hortaz, zer gertatuko da adibidez Hiriburutzari esker hiriko ondasuna 200 edo 250 milioi eurotan emendatuko omen duten irabaziekin?); baita Alde Zaharra bezalako tokietan espazio publikoaren bahiketaren eta turismoaren eta ostalaritzaren lobbiei egindako kontzesioen ondorioz jadanik sortzen ari diren arazoak ere (horren adibide on bat auzo elkarteak salatzen duen “terrazen udal ordenantza” berrian daukagu, “aisaldiaren eta turismoaren industriari, ostalaritza sektorea buruan, hiriko espazio publikoaren parte handi bat lagatzen diolako”). Finean, turismo masiboa garatzen duten hirietan bizigarritasuna kaltetzen dela jakina da, biztanleriaren parte handi baten kanporatze sentipena indartzeraino, bizimodua alderdi batzutan jasanezina bihurtzen delako (masifikazioa, auzoko harremanen galera, etxearen eta bizitzaren garestitzea, ohiko denden desagerpena). Esan gabe doa protesta mekanismoen mugatzeak ere (“zibismo”ko ordenantzak barne) prestatu duela gatazka sozialaz “desokupaturiko” eta auzokoen independentziaren hondarrik gabeko turismo-eszena urbano hori.
Hortaz, “Tourist, remember, you are in the Basque Country” baino zerbait gehiago esaten hasteko ordua iritsi zaigu akaso, Gorka Bereziartuak ARGIAn esan bezala.

2016 ETA ENPRESA TEKNOLOGIKOEN OLDARRA:

2016ko hiriburutzaren bultzadaz baliatuz, berrikuntzaren eta “Smart city” edo “hiri intelegentea”ren alorrean ere gauzak izugarri azkartu dira, inolako eztabaida publikorik egin gabe; egitasmo jakin batzuk Udalaren agendaren parte bilakatu dira oso denbora gutxian, Donostiako Sustapen sailaren babespean. “Smart city” delakoa korporazio teknologikoek sustatu duten kontzeptu bat da, hirian milaka sentsorek eta gailu elektronikok jasotako datuen zentralizazio informatizatuan oinarritzen dena, ustez eraginkortasun eta jasangarritasun urbano handiagoa lortze aldera. Bide batez, enpresa-iharduera merkantilistaren zerbitzura jartzen da hiria, eta asmakizun hori negozio handiak estali ohi dituen baikortasunarekin aurkezten digute. Bada, gai honi dagokionean joan den uztailean eman zen Donostian lasterketa hasteko pistola-tiroa, Bartzelonako alkate Xavier Trias-ek egindako bisitan (ez alperrik 2016ren egoitzan amaitu zen bere bira), hain zuzen ere Udalarekin izenpetu zuen kolaborazio-hitzarmen handinahiaren harira; izan ere, hitzarmen horren helburua bi hiriak “Europako Kultur eta Berrikuntza Hiriburu izango diren heinean, eta Smart City eta teknologien transferentziaren alorrean eskeiniko dituzten negozio aukera berrien arloan kolaborazio publiko-pribatua sustatzea” da. Geroztik, berehalako batean hasi dira Donostiako Smart city plana garatzen eta hori koordinatzeko Informazio teknologien sektoreko enpresa handi bat (Ikusi) izendatu dute, esperientzia-piloto moduan alde zaharreko Kale Nagusian “Smart kalea” abian jarri duena; eta aldi berean, Tecnalia eta beste zentro teknologiko batzuk Udalarekin lanean hasi dira 2016ko hiriburutzari begira ekimen berriak garatzeko asmoz. Egitasmo horiek denak, beren bultzatzaileen esanetan, “Europa 2020 hazkunde Estrategiaren baitan osagai giltzarriak dira”, gainera.

Salatu egin nahi dugu, beraz, teknologia horien hedapena de facto ezartzen ari dela. Bienbitartean, azterketa askok zalantzan jartzen dituzten sistemak dira, sustatzen den hiri eredu “hiper-konektatua”ren inplikazio politiko eta sozialak nabarmendu baitituzte hainbat azterlarik, ezinbestean kontrol sozial nahiz desberdintasun forma berriak eragingo direla ohartarazita. Honi gagozkiola, aipagarriak dira esaterako “Marseilla 2013 eztabaidan, nolako Kultur Hiriburutza?” izenburupean egindako debate batean “Agône” aldizkariko Eugène Benoît erredaktoreak egiten zituen adierazpenak, hain zuzen ere kultur hiriburutza egitasmorik zoroenetan arrazoitzat aipatu ohi den teknologia berrikuntzari buruz honako hau esaten zuenean: “Lisboako Estrategia, ezagupenaren gizartearen itzalean Europa lehiakorra sortzea xede duelarik, azken batean egitasmo patronal bat da, Bruselan multinazionalen lobby nagusia den Europako industrialaren mahainguruaren txosten batean duena bere jatorria. Horrek ederki deskribatzen du zertan datzan enplegua lehiakortasunean eta berrikuntzan oinarritzen duen gizarte hori: irakite-puntuan dagoen ekonomia da, etengabe produktu eta zerbitzu berriagoekin eta ustez prestazio handiagokoekin aurreko produktuak zaharkitu eta balio gabe uzten dituena, baita haiei loturiko enpleguak baliogabetu ere. Patronalaren ikuspegitik hori da sorkuntzaren zentzua: esan nahi du etengabe birziklatzen ibili beharko zarela, ezagupen edo prozedura berriak zureganatzen, eta etengabe enpleguaren ziurgabetasunaren menpe egongo zarela. Ziurgabetasunaren gizartea da, aterki kultural batekin, mozorro kultural batekin estaltzen dena…”. Logika berari jarraiki, “Lille 2004” Europako Kultur Hiriburutza nola beraien hiria teknologia berrien arloan murgiltzeko palanka gisa erabili zen kontatu ziguten Lilleko lagunek, harik eta kultura gaurregunean artearen eta teknologiaren, errealitatearen eta birtualitatearen, gizakiaren eta makinaren arteko hibridazio ikuskizunak antolatzen dituzten enpresa teknologikoen ekonomia-garapen estrategiak babesteko osagaia bilakatu den arte.

HIRIBURUTZAREN KUDEAKETA POLITIKO EZEGONKORRAREN ONDOTIK:

Donostia 2016an Europako Kultur Hiriburu izateko hautagaitza Odon Elorza alkate ohiak (PSOE) bultzatu zuen 2009tik aurrera eta egitasmoak hasieran erantzun sozialak eta kontrako adierazpenak piztu zituen, batipat DSS2016EU proiektuan herritarren “partehartzeaz”, bakean elkarbizitzeaz eta euskal kultura sustatzeaz hain harro agertzen zen Udal gobernuaren hipokresiak eraginda. Orduan “Donostia Torturaren Hiriburua” zioten pegatinak atera ziren, baita “Kapitalaren Kultura” salatzen zuten beste batzuk ere, eta 2010garren urtean, udalak zerabilen marketing kanpainaren tamainaz arduraturik, hainbat jai-batzordek, auzo elkartek eta euskararen aldeko erakundek deituta manifestazio bat egin zen “Zenbat mezu…hainbat (2016)IRUZUR!” lelopean. Alabaina, hasi berritako salaketa mugimendu harek ez zuen finkatzeko denborarik izan: 2011ko ekainean epaimahai europarrak DSS2016EU egitasmoa garailetzat eman zuen une beretik (kandidatura aurkeztu zuten Espainiako beste 21 hiriei aurrea hartuz), Bilduk proiektua bere egin zuen eta mugimendua indargabetu egin zen, egoera politikoaren aldaketaren poderioz. Hilabete eskas bat lehenago galdu zituen PSOEk udal hauteskundeak eta ETA iharduera armatuaren behin-betiko amaiera iragartzear zegoen, epaimahai europarrak berak egoera politikoa oso kontuan izan zuelarik Donostia Hiriburu izateko izendatu zuenean, “kultura pakearen zerbitzura jartzean Donostiako egitasmoak duen inteligentzia” goraipatuz.

Aurrerago, berriz, tirabira alderdikoiak eta Bildu Hiriburutzaren inguruan egiten ari zen kudeaketan “lidergo falta” leporatuz kaleratu ziren akusazioak areagotuz joan ziren, harik eta batez ere PSOEk –Odon Elorza buru zela— botatako erasoek 2014ko apirilean krisi larri bat lehertarazi zuten arte: orduan 2016ko Bulegoko zuzendari nagusiak bere dimisioa eman zuen, “alderdien arteko borroka politikoei” proiektuaren “blokeo” egoeraren errua botaz, eta harekin batera komunikazio zuzendariak ere karguari uko egin eta kultura zuzendaria kargugabetu behar izan zuten, 2016ko muntaia guztia inongo zuzendaritzarik gabe utzita beraz. Krisiari emandako erantzuna, ordea, Hiriburutzaren aldeko lerrokatze erabatekoa izan zen, gai honen bilakaeran benetazko inflexio-puntu bat gertatuz: izan ere, krisiak Bilduren udal gobernua bere eginkizun instituzionalaz inbestitzea eragin zuen, hain zuzen ere hiriko lobbie ekonomikoek eta eliteko kudeatzaileek hainbeste gutiziatzen duten proiektu hori aurrerantzean osoki garatzeko. Hala, “Hiriburutzak eskaintzen dituen aukerak %100ean aprobetxatzeko helburua” duen “koordinazio” batzorde berezi bat sortu zuen Udalak orduantxe (batzorde hortan udal administrazioko “pisuzko” funtzionariak biltzen dira, hala nola Bulego Estrategikoko zuzendaria eta Donostiako Sustapen, Turismo eta Kultura sailetako zuzendariak, Edon Elorzaren Alkatetza Kabineteko buru ohiareki batera). Esan nahi baita afera honen kudeaketa politikoan tonu-aldaketa orokor bat eman dela gerotzik: esate baterako, ekainetik aurrera alkatea Dallas, Bogotá, Bartzelona, etab.era bidaiak egiten aritu da, Donostia 2016ko eta enpresa-ordezkaritza batzuek lagunduta, hainbat konferentziatan “hiriko zentro teknologikoen ugaritasunak, Smart city delakoari loturiko proiektu enpresarialek eta 2016ko Europako Kultur Hiriburutzaren ospakizunak eskeintzen dituzten negozio aukerak” aurkeztu dituztelarik. Halaber, Kultur Hiriburutzaren zuzendari nagusi berri izateko euskaraz ez dakien norbaiten izendapen polemikoa, bilakabide horren adierazle da.

Bukatzeko, esan beharra dago Sortu alderdi politikoak ere agiri bat idatzi duela (“Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburuaren inguruan jarrera argitzen”), indar politiko eraldatzaile gisa duen irudiari ezinbestean kalte egiten dion dilema honen aurrean bere jarrera argitu eta justifikatu nahian. Bertan, onartu egiten du Hiriburutzaren egitasmoan “azpiegitura handiak, merkantzilizazioa eta turismo masiboaren sustapena” bezalako “dinamikak bultzatzen” direla, eta ildo honetan gaineratzen duenez, “Europar Kultur Hiriburuak kapitalismo finantziariotik pentsatuta daudela esan liteke”. Alabaina, dio jarraian, “proiektuak potentzial handia du nazioarteko komunitateari eta euskal gizarteari begira gatazkaren konponbidearen gaian ezker abertzalearen mezuei lekua egiteko eta oihartzuna emateko”; eta aldi berean “proiektu kulturalean aldarrikatzen diren balore aurrerakoiak” aipatzen ditu, ondorioz “ahalik eta gehien inplikatu eta partehartzera” dei egiteko. Hortaz, “tresna honen zenbait ezaugarri ez ditugula gustuko eta ez genituzkeela legitimatu nahi aitortuz”, hala ere “abiapuntutik aurreiritziek gidatu gaituzte gutako asko Europako Kultur Hiriburuaren aurrean”, dio ondorio gisa; nahiz eta “beste alde batetik, beharrezkoa den proiektua merkantilizazio kulturalaren eta gurearen alderantzizko hiri-ereduaren norabidean kokatu nahi dutenei mugak jartzea”. Gure iritziz agiria kontraesankorra da eta ezker abertzalean iritzi desberdinak daudela erakusten du.

Edozein modutan, arazoa zera da, Donostiarentzat Hiriburutzaren aurretiko eta ondorengo bat egongo dela, planifikatzaileek beren helburuak osoki betetzen badituzte. Hortaz, nola irudikatu eta gauzatu ekintza ildo bat? Nola desokupatu ezartzen diguten 2016 marka eta hiri imaginario desberdinak kontrajarri? Zein dira erresistentziak sortzeko ditugun aukerak, Hiriburutzaren aurkakotasuna gaurregun mugitzen den espazio errealetik —nahikoa estua eta zaila dena noski- abiatuta?

OHARRAK (zenbait dokumentu eta lotune):
- Informazio bloga: 2016desokupatu.wordpress.com
- Harremanak: 2016desokupatu@gmail.com
- “2016ko Europako Kultur Hiriburutza auzitan” txostena. AHTren aurkako taldea. 2016desokupatu.wordpress.com
- “2016 Inkesta Hiritarra”: ihec2016.wordpress.com
- “Donostia 2016ko Europako Kultur Hiriburua: Behin betiko proiektua”.
- “Donostia 2016: Hegemonia eta simulazioa”. Andeka Larrea, ARGIA Urtekaria 2015.
- Andeka Larrearen hitzaldia “Donostia 2016 eta hiri-eredua” mahainguruan.
- Lille 2004. “La Fête est finie”. Editions La Brique. http://lafeteestfinie.free.fr/
- “L’Enfer Vert”. Ce que nous résèrvent les écolo-technocrates à partir de Lille-Métropole. Egilea: Tomjo. Badaboum Editions.
- “Barcelona 2004: el fascismo postmoderno” (Espai en Blanc-ek Bartzelonan 2004en izandako “Kulturen Munduko Foroa” zela eta argitaratua).
- “Abrir los posibles”, Marina Garcés.
- “Marseille 2013 en question. Quelle capitale culturelle?”. Tabasco Video.
- “Crítica razonada al turismo de masas”. Rodrigo Fernández Mirandari elkarrizketa. Alba Sud.